Albisteak

Bizkaia-Durango euskal txirrindularitzako ‘aste nagusiaren’ bila

2017-05-15

Urtero legez iritsi da Bizkaia-Durangorentzat urteko zita garrantzitsuenetariko bat, Durango-Durangok eta Emakumeen Birak osatzen duten astea. Gainera, azken asteetan txirrindulariek erakutsitako maila onari esker helburu garrantzitsuak dituzte talde bizkaitarreko txirrindulariek. 

Bihar, asteartea 16, etxeko lasterketa egongo da jokoan, Durango-Durango emakumeen saria - Juan Mari Balier Memoriala. Lasterketak joan zen urteko ibilbide bera izango du, Miota hainbat aldiz igo ondoren, Goiuriarako bi igoerek erabakiko dute irabazlea. Asteazkenean, berriz, bost etapa izango dituen Emakumeen Bira hasiko da. Azken bi etapak izango dira gogorrenak txirrindularientzat, larunbatean Aralarko San Miguelen bukatuko baita lasterketa eta igandean, helmugatik hamaika kilometrora Jaizkibeleko gaina izango baitute.  

Durango-Durango Emakumeen Sarian Bizkaia-Durangoko txirrindulari hauek hartuko dute parte: Lourdes OyarbideMavi GarcíaLorena LlamasFemke VerstichelenRoos Hoogeboom  eta Carla Oberholzer; Emakumeen Biran berriz, Oyarbide, García, Llamas eta Verstichelenekin batera, Lierni Lekuona eta Špela Kern ere arituko dira. 

 «Aste polit honi begira baikorrak gara—baieztatu du Agurtzane Elorriagak, Bizkaia-Durangoko zuzendariak—. Etxean aritzea plus bat da beti eta azken lasterketetan oso indartsu gaudela erakusten ari gara. Igotzaile handi bi, Lorena eta Mavi, ditugu taldean, beraz, lehen hamarren artean egotea gustatuko litzaiguke. Horrez gain, Lourdes ere oso indartsu dago eta taldearentzat berak beti egiten duen lana aparta da, beraz, ihesaldiei ez diegu uko egingo, izan berarekin edo taldeko beste txirrindulariren batekin».