Albisteak

Lekuonak, Idirinek eta Pérezek Bizkaia Durango-Euskadi Muriasen jarraituko dute

2017-11-06

Lierni Lekuonak, Irati Idirinek eta Yessica Pérezek  Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek 2018 urterako konfirmatu dituen lehen txirrindulariak dira.

Lierni Lekuonak (Lezo, Gipuzkoa, 1995) bere bostgarren denboraldia osatuko du talde bizkaitarrean, elite mailan egingo duen lehen denboraldian. Txirrindulari gipuzkoarrak Ría de Marín Saria irabazi zuen uztailean, 2017 Espainiako Kopako azken lasterketa. Gainera, Euskaldun Sarian bigarren izan zen. Hilabete hauetan, euskal ziklokroseko egutegian lehiatzen ari da eta, orain arte, bi garaipen eskuratu ditu (Urduñan eta Beasainen).

Irati Idirinek (Zeberio, Bizkaia, 1994) hirugarren denboraldia osatuko du Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldean. Talde-lanerako txirrindulari bikaina da eta segurtasuna emango dio taldeari taldeburuentzat lan buru-belarri eginda.

Yessica Pérez (Linares, Jaén, 1992) 2017 denboraldian txirrindulari garrantzitsua izan zen taldearentzat eta Espainiako Kopako hainbat lasterketetan nabarmendu zen. Bere izaera oldarkorrari esker behin baino gehiagotan erakutsi zuen bere burua eta 2018 urtean ere taldearen maillota erakutsiko du.

Agurtzane Elorriaga Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko kirol zuzendariaren adierazpenak: «Lierni, Irati eta Yessica nolabaiteko “egonkortasuna” emango diote taldeari, gure lan egiteko modua ezagutzen dutelako eta guretzat garrantzitsua da benetako talde trinko baten moduan aritzea. Denboraldi honetan oso txirrindulari garrantzitsuak izan dira taldearentzat, bai beraien emaitzengatik zein lasterketan izan duten jarrerarengatik. 2018an aurrerapauso bat eman behar dute eta Lierni eta Yessica taldeburuak izango dira, Espainiako Kopako lasterketetan garaipenak lortzeko gai direlako. Gainera, beraien ahalmen fisikoa dela eta, uste dut nazioarteko lasterketetan ere beraien burua erakusteko gai direla».