Albisteak

Cristina Martínezek eta Sandra Alonsok Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldearekin bat egin dute

2017-11-14

2018an, Cristina Martínez eta Sandra Alonso Valentziarrak Bizkaia Durango-Euskadi Muriasen arituko dira eta, bi fitxaketa hauekin, dagoeneko 8 txirrindulari ditu taldeak.

Cristina Martínez (Torrent, Valentzia, 1996), Lointek talde euskaldunetik dator eta nazioarteko lehiaketetan emaitza onak lortu ditu, hala nola, gazteen sailkapena 2015eko Emakumeen Biran edo bi Top-20 frantziako bi UCI lasterketetan, 2015ean ere. Espainiako Selekzioaren hainbat deialdietan izan da, Ponferradako Munduko Txapelketan parte hartu zuen junior mailan eta 23 urtez azpikoetan Tartuko Europako txapelketan lehiatu zuen 2015ean. Gainera, pistan, gaur egungo espainiako txapelduna da puntuaketa frogan (2018an Bizkaia Durango Euskadi-Muriasen ere arituko den Ane Iriarteren aurretik).

«2018ko denboraldia nire laugarren denboraldia izango da talde euskaldun batean eta Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldearekin fitxatzea harro sentitzeko modukoa da niretzat, azken urteetan oso talde sendoa dela erakutsi baitu. Hilabete batzuk daramazkigu fitxaketari buruz hizketan eta hain goizetik zuregan pentsatzen dutela jakitea eskertzekoa da. Maila onean aritu nahi dut eta daukadan guztia eman, lehiaketaz eta entrenamenduez ahalik eta gehien gozatu nahi dut eta. Uste dut talde ona osatuko dugula eta elkarrekin lanean arituko garela, gure taldekideengatik dena eman eta bakoitzak taldeari ahalik eta ekarpenik handiena eginez».

Taldean arituko den beste txirrindularia Sandra Alonso (Torrevieja, Alacant, 1998) izango da. 2018an bigarren denboraldia hasiko du 23 urtez azpikoetan. Bere palmaresean, Dohako 2016ko Munduko Txapelketan lortutako zortzigarren postua nabarmendu behar da. Espainiako Selekzioarekin, Setmana Ciclista Valenciana UCI 2.2 mailako lasterketan postu bera lortu zuen. Bioracer talde euskaldunean aritu da orain arte eta aurten Europako 23 urtez azpiko txapelketan parte hartu du. Belodromoan, duela hilabete Espainiako Txapelketa lortu zuen bakarkako jazarpen frogan.

«Uste dut 23 urtez azpiko mailan egin dudan debuta ona izan dela eta azken urteetan hain emaitza onak lortu dituen Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldean aurrerapausoak emateko aukera izango dudala. Helburua aurrera jarraitzea da eta, noski, talde gisa ondo aritzea, une bakoitzean zein dagoen hoberen gure artean jakitea eta zein lasterketetan ibili gaitezkeen aurrean. Nazioarteko lasterketetan esperientzia hartu nahi dut eta horregatik uste dut hain egutegi ona duen talde honetara etortzea oso onuragarria izango dela txirrindulari gisa hazten jarraitzeko».