Albisteak

Henrietta Colborne eta Dani Christmas Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldean arituko dira 2018an

2017-11-17

Henrietta Colborne eta Dani Christmas txirrindulari britaniarrak Bizkaia Durango-Euskadi Murias egiturarekin bat egingo dute 2018an. Taldea handitzen doa eta 10 txirrindulari ditu Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek.

 

Henrietta Colborne (1998) 2018an bere bigarren denboraldia hasiko du 23 urtez azpiko mailan eta 2017an nazioartean izan den txirrindulari gazterik nabarmenetarikoa izan da. 19 urterekin Maarten Wynants Sarian (BEL, 1.1 UCI) eta Erondegemse Pijl (1.2 UCI) lasterketetan aurreneko 20etan sartu zen eta Tour de l’Ardèche (FRA 2.2 UCI) gogorrean seigarren izan zen.

 

Bere aldetik, Dani Christmas (1987), maila handiko lasterketetan esperientzia handia duen txirrindularia, bigarren izan zen iaz Tour de l’Ardèche lasterketako mendiko sailkapenean eta aurreneko hamabostetan sartu zen Festival Elsy Jacobs-en izen handiko lasterketan(LUX, 2.1 UCI).

 

Bi fitxaketa hauei buruz, honakoa adierazi du Agurtzane Elorriaga, Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeko zuzendariak: «Henrietta txirrindulari gaztea da eta gaitasun handia du. Nahiz eta gaztea izan, esperientzia handia du, Belgikan eta Holandan hainbat lasterketa lehiatu dituen talde herbeheretar batean aritu baita. Ihesaldiak harrapatzen oso trebea da eta, gainera, aurten garaipen bat lortu du [Ladies Cycling Trophy Oost-Vlandereen, UCI mailako hainbat txirrindularien aurretik]. Dani, iaz hainbat postu on lortu dituen txirrindularia da. Igotzaile bikaina da eta Ardéchen azken egunean kendu zioten mendateen sailkapeneko maillota. Uste dut taldeari esperientzia emango diola, batez ere Belgika eta Holandako klasikak lehiatzeko orduan, eta ezagutza emango die txirrindulari gazteei».