Albisteak

Lucía González Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldean arituko da

2017-12-19

Lucía González asturiarra Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldearekin bat egingo du eta fitxaketa honekin dagoeneko 11 txirrindulari ditu taldeak. Beste bi txirrindulari gehiagoren izena ezagutzea falta da.

Viellan jaioa, 1990an, Lucía Gonzálezek azken zazpi urteetan Lointek talde euskaldunean lehiatu du eta oso esperientzia zabala du nazioarteko egutegian. Ibilbide guztietan ondo ibiltzen da, oso txirrindulari oldarkorra da lasterketetan eta ihesaldietan sartuta taldearentzat lan bikaina egiten du. Gainera, estatu mailan ziklokrosean gehien nabarmentzen den txirrindularietakoa da. 2013an Espainiako Txapelduna izan zen eta UCI mailako hainbat lasterketetan gailendu da, azkena Valentzian, igandean. Ziklokroseko UCI sailkapenean 28 postuan dago sailkatuta.

«2018a aldaketen urtea izango da, urte asko egin baititut beste euskal talde batean. Batzuetan aldaketak beharrezkoak dira eta estimuluak eman behar zaizkio gorputzari aurrera egiteko. Bizkaia Durango-Euskadi Murias urte asko daramatza tropelean, egutegi ona dauka eta talde gaztea osatzen ari da. Uste dut esperientzia eman diezaiokedala taldeari, eta nire aukerak baliatzen ahaleginduko naiz. Orain ziklokros denboraldian murgilduta nabil eta gauzak ondo egiten ari naiz, gogotsu nago eta espero dut errepidean denboraldi ona egitea».