Albisteak

Bizkaia Durango-Euskadi Murias-ek Setmana Valencianan debuta egingo du

2018-02-20

Ostegunean hasita eta datorren igandera arte, Bizkaia Durango-Euskadi Murias taldeak lehen aldiz lehiatuko da aurtengo denboraldian. Setmana Ciclista Valencianaren bigarren ekitaldian izango da taldea, Valentzian zehar ospatuko den 4 etapako UCI 2.2 lasterketan.

Ròtovan hasiko da lehen etapa, 118 kilometro izango ditu eta helmugatik 16 kilometrora bigarren mailako mendatea igo behar izango dute. Bigarren etapa, Castelló de la Plana eta Vila-real artean ospatuko dena (115km) unerik erabakigarriena Desert de Les Palmes lehen mailako mendatean izango du. Hirugarren egunean, Sagunt eta Valentzia  (137 kilometro) artean jokatuko da etapa eta L’Oronet  bigarren mailako mendatea igoko dute, baina helmugatik nahiko urrun. Lasterketa 119 kilometroko azken etapan erabakiko da, Benidorm-en hasi eta amaituko dena, lehen mailako Finestrat mendatea hiru aldiz igo beharko dutelarik.

Denboraldiko lehen lasterketa honetan, behin Benidorm-en ikusita txirrindulari bakoitzaren egoera zein den, hau da Agurtzane Elorriagak aukeratu duen taldea: bertakoak diren Cristina Martínez eta Sandra Alonso, bai eta Lucía González, Anna Stricker, Dani Christmas eta Henrietta Colborne ere. 

Agurtzane Elorriagaren adierazpenak: «Konzentrazioan zein txirrindulari dauden indartsuen ikusi ahal izan dugu, lasterketan bertan egingo duten ibilbidean aritu gara eta. Lehenengo lasterketari berme eta ilusio handiarekin ekingo diogu. Etapa bat irabazten ahaleginduko gara, ez gara ezkutatuko eta ihesaldietan sartzen ahaleginduko gara. Badakigu lasterketa honen maila nahiko altua izango dela, baina multzo trinkoa eta konfiantza daukagu gure buruarengan».