Albisteak

Bizkaia-Durango taldeak ez du jarraituko 2024. urtean

2023-12-13

Nazioarteko mailarik gorenean 21 denboraldi lehian aritu ostean, Bizkaia-Durango taldea ez da errepideetara aterako 2024.urtean.

Continental UCI mailan jarraitzeko, Espainiako Txirrindularitza Federazioak 2024. urterako ezarritako gutxieneko aurrekontu mailara iristerik ez dugunez, taldeko kirol- zuzendaritzak, kostata, hurrengo denboraldira ez aurkeztea erabaki du.

Hogei urte luzeetan, aurrez aurre ikusi eta bizi izan ditugu emakumezkoen txirrindularitzan egindako aldaketa eta aurrerapauso handiak. Izugarri gustatuko litzaiguke hazkunde horren parte izaten jarraitzea, eta horretarako egingo dugu lan; alegia, etorkizunean, egoerak ahalbidetzen badu, errepideetara itzuli ahal izateko.

Oso harro gaude denboraldi horiek guztietan txirrindularitzaren garapenean, eta, bereziki, euskal txirrindularitzan, egin dugun ekarpenagatik. Hirurehun bat txirrindulariri munduko lasterketa garrantzitsuenetariko batzuetan lehiatzeko aukera eman diegu; 2003aren hastapenetan, Grande Boucle irabazi genuen Joane Somarribarekin, eta, 2023an, Continental mailan, bi itzuli handitan parte hartu duen talde bakarrenetarikoa izan gara: Giroan (azken 21 edizioetako 18tan izan gara) eta Espainiako Itzulian (lehenengo edizioan).

Goi mailako lasterketetan izan dugun etenik gabeko parte-hartze hori ez litzateke posible izango antolatzaileen konfiantzarik gabe; lehenengo egunetik azken arte egin dute gure aldeko apustua. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Giuseppe Rivoltari, Giroko ateak irekitzeagatik, eta Ronde van Drenthe lasterketako antolatzaile diren Femmy eta Huub vas Issumi.

Era berean, Bizkaia-Durango taldeko elastikoa jantzi duten txirrindulari guztiei ere gure esker ona erakutsi nahi diegu, izandako inplikazioagatik eta kirol-arloan zein arlo-pertsonalean egindako esfortzuagatik; baita bestelako zereginetan aritu diren taldekide guztiei ere. Nazioartearteko taldeen artean, aurrekonturik txikienetarikoa izan dugun arren, badakigu jenderik onena izan dugula aldamenean, bizikleta gainean egon direnak zein ez direnak.

Azkenik, ezin ditugu ahaztu bi hamarkada baino gehiagotan gure ametsak egi bihurtzen lagundu diguten babesle eta kolaboratzaile guztiak; eta, bereziki, Durangoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia. Beraiek eman diete izena gure proiektuari denboraldi gehienetan. Eta, nola ez, eskerrik asko zale guztiei, horrenbeste urtetan gure bidelagun izan zareten guztioi, zuen maitasuna eta babesa sentiarazi diguzuelako lasterketetan zein sare sozialetan. Txirrindularitza oso bestelakoa izango litzateke zuen indar eta bultzadarik gabe. Gure bihotzetan eramango zaituztegu!