Albisteak

Bizkaia-Durango, La Courseren bila

2015-07-25

Bigarren urtez jarraian, bihar Bizkaia-Durango txirrindulari taldea Frantziako Tourrak antolatzen duen La Course lasterketan izango da. Lasterketa Parisen jokatuko da, Frantziako Tourraren amaiera izaten duen ohiko zirkuituan, Eliseo Zelaietan. Nesken lasterketa hau gizonezkoena baino ordu batzuk lehenago besterik ez da izango.

13:30etan irteera hartuta, txirrindulariek 13 bira eman beharko dizkiote 7 kilometroko zirkuituari, lasterketak dituen 89 kilometroak osatzeko. Azken orduko gaixotasun arazo batengatik, Lourdes Oyarbide ez da taldean izango eta honako hauek izango dira Bizkaia-Durangoren seikotea: Dorleta Eskamendi, Lierni Lekuona eta Ainara Sanz euskaldunak, Anna Ramirez kataluniarra eta Olga Dobrynina eta Elena Utrobina errusiarrak, azken hau izanik talde durangarren aukera onena sprinterako.

Frantziako Tourrak antolatzen duen La Course lasterketa hau Eurosport katean jarraitu ahalko da, 14:00etatik aurrera. Gainera, internet bidez ere jarraitu ahal izango da lasterketa, bai webgune ofiziala erabilita La Course edo beraien sare sozialak jarraituta.