Albisteak

Idirin eta Leonet Bizkaia-Durangoko taldekide berriak

2015-11-29

Bizkaia-Durango emakumezko txirrindulari taldeak bere taldea osatzen jarraitzen du 2016ko denboraldiari begira. Mauricianako Kim Le Court txirrindulariaren fitxaketaren ondoren Agurtzane Elorriagaren gidaritzapean dagoen taldeak, bi txirrindulari euskaldun fitxatu ditu, bertako txirrindularitza bultzatzen jarraituz eta euskal txirrindulariei maila gorenean egoteko aukera eskainiz. UCI mailara pasako diren txirrindulari biak Irati Idirin eta Naia Leonet dira. 

Irati Idirin (Zeberio, 1994) Bizkaia-Durangora iristen da 2015ean hainbat lasterketetan protagonista izan ondoren, esaterako Espainiako Txapelketan lasterketa osoan zehar hainbat ihesalditan sartzea lortu zuen txirrindulari bizkaitarrak. «Oso pozik nago. Eskerrak ematea besterik ez daukat Bizkaia-Durango bezalako talde batean egoteko aukera emateagatik», adierazi du bizkaitarrak kontratua sinatu ondoren.

Beste euskalduna talde durangarrean Naia Leonet (Errenteria, 1997) izango da, 2015ean gazte mailako euskal txirrindulari onena izan dena. Apirilean Euskadiko Txapeldun bilakatu zen, Euskal Torneoa irabaztea ere lortu zuen bere erregulartasunari esker, gainera Bergarako lasterketan garaipen bat lortuz. Horrez gain, irailean erlojuaren aurkako Espainiako Txapelketan brontzezko domina bat eskuratu zuen. Leonetek, pistan ere adituak, abuztuan Espainiako Txapelketan puntuaketan zilarrezko domina eta taldekako jazarpenean brontzezkoa lortu zituen. «Denboraldi berriari begira, oso pozik eta ilusio askorekin nago. Orain dela hilabete batzuk ez nintzen indarrekin ikusten elite mailara pasatzeko, baina Bizkaia-Durangok aukera eman dit eta uste dut esperientzia ona eta positiboa izango dela. Jausi eta altxatzen direnak inoiz baino indar gehiagorekin egiten dutela esaten dute, beraz, nik ere horrela egingo dut», baieztatu du gipuzkoarrak.

Idirin eta Leonetekin batera dagoeneko sei dira Bizkaia-Durango 2016 izango direnak (aurrez berri emandako Le Court, Oyarbide, Lekuona eta Lanz). Eta datozen egunetan gainontzeko fitxaketen berri emango du Bizkaia-Durango euskal taldeak.