Albisteak

Olga Shekel, Europako txapeldunordea, Bizkaia-Durangora

2015-12-23

Olga Shekel (Ukraina, 1994) da 2016ko Bizkaia-Durango UCIko zortzigarren fitxaketa. Aurrez iragarritakoak honako hauek dira: Irati Idirin eta Naia Leonet euskaldunak, Heidi Dalton eta Lise Olivier hegoafrikarrak, Roos Hoogeboom nederlandarra, Kim Le Court mauriziarra eta Andreina Rivera kolonbiarra.  

Shekelek, 2016an izango du bere azken denboraldia 23 urtez azpikoen mailan. Bera da momentu honetan Europako txapeldunordea erlojuaren aurka; bigarren postu hau abuztuan Tartun (Estonia) lortu zuen, lehen postutik zortzi segundora geldituz. Gainera, elite mailako Nazioko Txapelketetan laugarren postu bi lortu zituen errepideko eta erlojuaren aurkako probetan eta Richmonden jokatutako Munduko Txapelketetan parte hartu zuen.    

Bizkaia-Durangoko zuzendariaren, Agurtzane Elorriagaren, hitzetan «Olga potentzial handiko txirrindularia da, esprintetan eta erlojuaren aurka oso ondo moldatzen da. Oso gaztea da eta oraindik hobetzeko tarte handia dauka. Taldeari asko eman ahal diola uste dut eta oso garrantzitsua izango da bere potentzial guztia kanporatzea lortzea».