Albisteak

Gleydimar Tapia, Bizkaia-Durangoren fitxaketa berria

2015-12-29

Gleydimar Tapia venezuelarra, 23 urte, 2016an Bizkaia-Durango UCI taldean izango da, talde bizkaitarreko 15en txirrindularia bihurtuz. Hamabost txirrindulari hauen artean, aurreko urteetatik berritutako Coral Casado, Elisabet Escursell, Mavi García, Paula Lanz, Lierni Lekuona eta Lourdes Oyarbide  daude, eta aurten taldera batuko diren Irati Idirin, Naia Leonet, Heidi Dalton, Roos Hoogeboom, Kim Le Court, Lise Olivier, Andreina Rivera eta Olga Shekel.

Tapiaren, Barinasen jaioa, ezaugarri nagusienetarikoa etapa bukaeretan izaten duen potentzia da, momentu honetan amerikar kontinentean dagoen esprinter onenetariko bat izanik. 2015ean bere errepideko denboraldirik onena egin du, UCI mailako lasterketa batean (Venuezuelako Federazio Kopan) garaipena lortuz. Baita ere, bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen 2.2 UCI mailako Costa Ricako itzulian, brontzezko domina lortu zuen Nazioko Txapelketan eta seigarren postuan sailkatu zen Mexikon jokatutako Panamerikar Txapelketetan.   

«Horrelako talde batean egotea abantaila izugarria da eta niretzat erronka handi bat da. Badakit desafio berri honetan oztopo asko izango ditudala baina denak gainditu ahal izatea espero dut. Bizkaia-Durangorekin lasterketan parte hartzeak beste heldutasun puntu batera eramango nau eta horrek profesionalagoa izaten eta erronka pertsonalei aurre egiten lagunduko dit», azaldu du txirrindulari venezuelarrak talde euskaldunarekin fitxatu ondoren.