Albisteak

Marga López, esprinter balearra Bizkaia-Durangora

2016-01-05

Marga López (Campos, Mallorca, 1997) Bizkaia-Durangon izango da denboraldi berrian. 2015ean gazte mailan txirrindulari onenetariko bat izan da, 2016 honetan talde durangarrean bere lehen denboraldia egingo du 23 urtez azpiko mailan. 

Marga López esprinter indartsua, taldetxoetako amaieretan abiadura punta altua duena da. Dohain horrek pasadan denboraldian garaipena eman zion Fontiverosen (Avila) eta Espainiako Kopako lidertzan egotea lortu zuen. Pistan ere garaipen handiak lortutakoa da, 2015ean gazte mailako Espainiako Txapelketan urre bi lortu zituen keirinean eta taldekako jazarpenean eta zilarra scratchean. Horrez gain, elite mailako taldekako jazarpenean ere zilarra lortu zuen balearretako selekzioarekin.  Gainera, pistako Balearretako txapelketetan eta Valentziakoetan zazpi urre baino gehiago atera zituen.

«Oso pozik nago eman didaten aukera honengatik, talde honen parte izateagatik. Aukera hau aprobetxatzen saiatuko naiz eta daukadan dena emango dut. Nahiz eta, lehen urtekoa izan nagusiagoengandik ikasteko gogoz nago, beraz, taldeko lana egin eta dena emateko gogotsu nago», azaldu du Mallorcakoak Bizkaia-Durangorekin fitxatu ondoren, berarekin honezkero 16 izango dira denboraldi honetako txirrindulariak.