Albisteak

Bizkaia-Durangok, bere ALÉ jantzi berriarekin, ekingo dio denboraldiari Belgikan

2016-02-26

Bizkaia-Durangok asteburu honetan ekingo dio 2016ko denboraldiari, urteko lehen klasikoetan eta bost egunetan hiru lasterketa izango dituzte txirrindulariek. 

Larunbatean, talde durangarra Ganten izango da UCI 1.1 mailako Omloop Het Nieuwsblad lasterketan. Txirrindulariek 124 kilometro egin beharko dituzte, bost harbide zati eta bederatzi mendatetxo igo beharko dituzte. Hurrengo egunean, Tielt-Winge herrian izango dute Omloop van het Hageland lasterketa, hau ere, UCI 1.1 mailakoa izango da eta 129 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Ibilbideari dagokionez, larunbatekoa baino lauagoa izango da, baina, Roeselbergeko igoera gainditu beharko dute. Hiru egun beranduago, martxoaren 2an, Le Samyn des Dames lasterketan izango dira eta 112 kilometroko ibilbideari eta amaiera zail bati egin beharko diote aurre.

Denboraldiko lehen hiru lasterketa hauetara Bizkaia-Durangok talde gaztea eramango du, bertan 23 urtez azpiko bost txirrindulari izango dira, Lourdes Oyarbide, Lierni Lekuona, Paula Lanz eta Irati Idirin euskaldunak, eta Coral Casado kantabriarra, eta taldeko seigarren txirrindularia, klasikoetan esperientzia handia duen, Roos Hoogeboom herberetarra izango da. Gainera, lasterketa hauetan taldeko jantzi berria erakutsiko dugu. ALÉk eginiko jantziak Bizkaia-Durangoren irudian aldaketa handi bat emango du, eta gorria eta larrosa izango dira kolore nagusiak.