Albisteak

Izar afrikar bi Bizkaia-Durangora

2016-12-30

Urtea bukatzear dagoen honetan Bizkaia-Durangok beste bi txirrindulari gehitu ditu 2017ko taldera: Vera Adrian eta Carla Carla Oberholzer, afrikarrak biak.

Lehenengoa, Vera Adrian (Windhoek, Namibia, 1993), Namibiako eta Afrikako egungo txapelduna da, erlojuaren aurkako proban eta baita errepidekoan ere. Horrez gain, aurten,  Rio 2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartu du, eta Hegoafrikako KZN Summer Series (1.2 UCI) proban laugarren postua lortu zuen bigarren lasterketan.

«Oso pozik nago Bizkaia-Durangon ibiliko naizelako eta maila handiko lasterketan parte hartuko dudalako. Namibian bizita Europako lasterketetan esperientzia izatea oso zaila da, beraz, pausu hau ematea ezinbestekoa da mundu mailako lasterketan esperientzia hartzeko. Horregatik, taldeari oso eskertuta nago eman didaten aukerarengatik».

Bestalde, Carla Oberholzer (Roodepoort, Hegoafrika, 1987) bere herrialdeko urteko azken lasterketetan, UCI mailakoetan, txirrindulari borrokalarienetariko bat izan da. Hirugarrena KZN Summer Series probako bigarren lasterketan eta laugarrena 94.7 Cycle Challenge (1.1 UCI) lasterketan. Gainera, hegoafrikako txirrindulariak Qatarreko Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen. 

«Oso pozik nago 2017an Bizkaia-Durangoko parte izateaz. Pribilegio handi bat da eta niretzako aukera paregabe bat munduko txirrindulari onenen aurka aritzeko. Gogotsu nago lasterketan taldeari dudan dena emateko eta espero dut beraiekin batera emaitza onak lortzea».